XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.4. ata1ean aipatzen diren gihar-anormaltasunak jasango lituzkete, eta, oraingoz behintzat, ez da inoiz horrelako sintomarik iragarri.

Kreatinaren gehigarriaren irensketak sarritan eragiten dituen plasma eta gernu-kreatininaren igoerak giltzurrun-estresaren maila areagotu baten ondorio izan litezkeela aipatu da.

Izan ere, oraintsuko ikerlan batean lagun bakar baten giltzurrun-funtzioaren narriadura Kr-ren gehigarriaren ondorio zela baieztatu da (Pritchard eta Kalra 1998).

Dena dela, txosten honetako ondorioak, beste ikertzaile batzuen kritika zuzenak jasotzeaz gain (Greenhaff 1998; Poortmans eta Francaux 1998), Kr-ren gehigarriak lagun osasuntsuengan giltzurrun-estresa igoarazten ez duela aditzera ematen duten zenbait ikerlanen ondorioekin ez datoz bat (Engelhardt eta lank. 1998; Kreider 1998; Kreider eta lank. 1998; Poortmans eta lank. 1997; Vandenberghe eta lank. 1997).

Zenbait gihar eta gibel-entzimen (kreatina kinasa, laktato deshidrogenasa, aspartato aminotransferasa, alanina aminotransferasa edo gama-glutamil transaminasa, esate baterako) agerpen areagotuak gihar-gaixotasun degeneratiboaren, miokardio-infartuaren edo/eta gibel-gaixotasunaren adierazgarri gisa erabili ohi dira.

Kreatinaren gehigarriaren irensketaren ondorioz, hauetariko entzima batzuen kontzentrazioa igo egin daitekeela egiaztatu da (Kreider 1998; Kreider eta lank. 1998).

Dena dela, intentsitate altuko ariketa fisikoak gihar eta gibel-entzimen agerpena ere igoarazten du, eta gihar-entzimen kontzentrazioa ariketaren intentsitatearen eta entrenamenduak eragindako estres-mailaren adierazgarri bezala erabiltzen da sarritan.

Beraz, iragarri diren gihar eta gibel-entzimen igoerak entrenamenduaren intentsitatearen ondorio izango lirateke, eta ez Kr-k eragindako inolako patologiaren ondorio.

Izan ere, Kr-ren gehigarria irensten zuten lagunek aldi berean intentsitate altuko entrenamendurik jarraitzen ez zuten ikerlanetan ez dira honelako entzima-maila altuak aurkitu (Engelhardt eta lank. 1998; Kreider 1998; Sipilampauml; eta lank. 1981).